• 2025/10/04 · Bilbo · 04/10/2025

  • best@zelako.eus

AURKEZPENA

BEST – Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak lau urte daramatza emakume sortzaileen arteko sarea ehuntzen, ikusgarritasuna ematen eta kolektibitate feministatik abiatutako gogoeta sustatzen. Helburua sarea sortzea da, emakumeen presentzia azpimarratzea eta glotofeminismoaren eta intersekzionalitatearen begiradatik kultura ulertzeko modu berriak eraikitzea.

Edizio honetan ardatz nagusiak izango dira Bizkaiko emakume musikarien egoera, emakume sortzaileen erresistentziak eta “unibertsaltasun” hegemonikoari buruzko eztabaidak. Aurten, gainera, Bizenta Antonia Mogel Elgezabal izango da omendua, euskaraz idatzi zuen lehen emakume idazlea, bere aitzindaritzaren eta ausardiaren aitortza gisa.

Edizioaren nortasun bisuala Irati Merinok sortu du. Diseinu-lanean nabari da Bizenta Antonia Mogel Elgezabali egindako keinua: inprentako letra tipografiaren hautua, idazteko punta klasikoen irudia eta urrez margotutako punta bakarraren sinbolismoa. Horrela, irudiak bat egiten du omenduaren aitzindaritzarekin eta gaur egungo emakume sortzaileen presentziarekin.

Informazio gehiago: Zelako Kultur Ideiak [Itxaso Paya Ruiz]

Programa

EGITARAUA

Erakusketa: Bizkaiko emakume musikariak glotofeminismotik

Euskararen Etxea – Mintzo aretoa
Irailak 29 – Urriak 15

Erakusketak Bizkaiko emakume musikarien egoera aztertzen du glotofeminismoaren ikuspegitik. Emakume musikariek dituzten erronkak bistaratuko dira: ikusgarritasun falta, espazio publikoaren maskulinizazioa, genero-arrakalak eta hizkuntza gutxituen erabileraren erronkak.

Lan hau Mar Molinak eta Alaitz Urrutiak sortu dute, datu, testigantza eta ikus-entzunezko materialen bidez. Erakusketak formatu bisual eta esperientziala eskaintzen du, ikusleak hausnarketarako espazio aktibo batean murgilduz.

Urriaren 4ko Topaketa | Bizkaia Aretoa, Guggenheim kanpoaldea eta itsasadarra

GOIZEKO EGITARAUA: Mahai-inguruak (Bizkaia Aretoa)

Parte-hartzaileak: Yolanda Arrieta, Afrika Bibang, Iratxe Fresneda

Gidaritza: Leire Palacios

Mahai-inguru honek Maria-Mercè Marçalen hiruko errebeldia hartuko du abiapuntu gisa: emakume izatea, klase baxukoa izatea eta nazio zapaldu batekoa izatea. Horri gaur egungo ikuspegitik gehitzen zaizkio beste ardatz batzuk, hala nola; arrazializazioa, adinagatiko diskriminazioa, hizkuntza gutxituen gutxiespena eta lan-baldintza prekarioak.

Hizlariek beren esperientzia artistiko eta profesionaletatik abiatuta azalduko dute nola eragiten dien intersekzionalitateak beren ibilbideei eta nola bihurtzen duten sorkuntza erresistentzia politiko eta estetiko baten espazio.

Mahai-inguru honek helburu du ikuspegi berriak zabaltzea emakume sortzaileen lan-baldintzen, aitortzaren eta balio kulturalaren inguruan, beti ere feminismoaren eta glotofeminismoaren markoan.

  • Bi mahai-inguruen artean, Wikiemakumeak taldeak (Marisa Barrena) aurkeztuko du bere proiektua: parte hartzen duten sortzaileen Wikipediako profilak sortu edo eguneratuko dituzte, ikusgarritasun digitala bermatzeko eta emakume sortzaileen memoria kolektiboa indartzeko.

Parte-hartzaileak: Ana Goitia, Laura Penagos, Vera Alonso

Gidaritza: Leire Palacios

Mahai-inguru honek aztertuko du nola eraiki den historian zehar “unibertsaltasun” hegemonikoa artearen eta kulturaren izenean: gizon zuri, mendebaldar eta heteronormatiboaren ikuspegitik, beste identitate eta ahots guztiak bazterrean utzita.

Eztabaidaren ardatza izango da zer eta nork izendatzen duen “unibertsala”, eta zein ondorio dituen kategoria horrek emakumeen, arrazializatuen, LGTBIQ+ komunitateko kideen eta hizkuntza gutxituetan sortzen dutenen ikusezintasunean.

Hizlariek hausnartuko dute zein mekanismo estrukturalek isilarazi dituzten ahots horiek, eta zein estrategia kolektibo eta feministak jar daitezkeen martxan ahots baztertu horiek erdigunean jartzeko. Mahai-ingurua tresna izango da kultura-politiketan, hezkuntza-sistemetan eta arte-ekoizpenetan aldaketa eragiteko proposamenak partekatzeko.

ARRATSALDEKO EGITARAUA

Mahai-inguruetako hizlariek, erakusketako sortzaileek eta BESTen egitaraua osatzen lagundu duten artistek parte hartuko dute. Antolakuntzako eta elkarlanean aritutako lagunekin batera, gonbidapen bidezko ekintza izango da.

Gainera, Pikaran, Bizkaia Irratian eta Berrian egindako zozketetan irabazle izango diren bina lagun izango dira bertan.

*Ekintza hau ez dago publikoari irekia.

*Gainerako ekintzetarako parte-hartzea librea izango da (aforoa bete arte).

Amaiur Macias eta Olfa Sendesni arduratuko dira performanceaz, emakume sortzaileen arteko sare kolektiboa irudikatuz. Euskaraz eta arabieraz egingo dute, hizkuntza aniztasunaren indarra azpimarratuz.

BEST Egoitza Artistikoaren emaitza aurkeztuko da. Miren Gaztañagak zuzendu du pieza eszenikoa, eta oholtzan izango dira Getari Etxegarai, Maria Urcelay eta Garazi Navas..

Ekfrasia kontzeptua izango da oinarri: artearen interpretazioa eta esperientzia kolektiboa uztartzen dituen pieza eszenikoa, esperimentazioan sakonduz eta prozesuaren profesionalizazioa azpimarratuz.

Bi saioetan eskainiko diren zerbitzuak:

  • Itzulpengintza (euskaraz eta gaztelaniaz).
  • Streaming zuzenean, edonork etxetik jarraitu ahal izateko.

Mahai-inguruetan ateratako ondorioak ez dira egun horietara mugatuko: Aiala Garabietak abiatuko duen ikerketa-proiektu baten oinarri izango dira.

Omendua: Bizenta Antonia Mogel Elgezabal

2025eko edizioan, Bizenta Antonia Mogel Elgezabal izango da omendua (1782–1854). Euskaraz idatzi zuen lehen emakume idazlea izan zen, eta bere ausardiak eta aitzindaritzak bide berriak ireki zituzten bai emakumeentzat bai euskararentzat.

Bere hitzek gaurkotasun osoa dute oraindik ere: “Jakiteak ez du eragozten birtute andi batera igotzeko.”

Bizenta Antonia Mogel Elgezabalen omenez, BESTen edizio honek emakume sortzaileen presentzia eta ekarpena aldarrikatzen ditu, iraganetik etorkizunerako zubi gisa.

Elkarlana

Elkarlan zabala

BEST 2025 ez litzateke posible izango honako erakunde eta eragile hauen laguntzarik gabe: EHU, Mondragon Unibertsitatea, Euskararen Etxea, Wikiemakumeak, La Terminal, Berria, Pikara, Bizkaia Irratia, Bilboats, Dana Sormen Gunea eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Sare feminista eta etorkizunerako bideak

BEST Topaketak ez dira soilik jaialdi edo ekitaldi multzo bat: emakume sortzaileen arteko sare sendoa ehuntzeko espazioa dira, komunitatea indartzeko eta kulturatik gizartea eraldatzeko.

2025eko edizioan, erakusketa, mahai-inguruak eta performanceak ez dira ekintza isolatuak izango: ikerketa baten abiapuntu eta sorkuntza feministaren etorkizunerako giltza izango dira, Bizenta Antonia Mogel Elgezabalen omenez eta bere aitzindaritzaren lekukotasun gisa.